estatutua eta funtzioak

Azken berrikuspena 07/10/2022

Estatutua

Senatariek Konstituzioa beteko dutela zin edo promesa egin behar dute.


Senatariek parlamentu demokratikoetako kide guztiek dituzten pribilegioak dituzte eta eskumen horiek ez daude parlamentariak babestera edo haien alde egitera zuzenduta, parte diren Ganberei dagozkien funtzioak erabat betetzen dituztela bermatzeko, gainerako botereekiko independentzia ziurtatzera baizik.


Lehenik, ukiezintasuna (Konstituzioaren 71.1 artikulua eta Senatuko Erregelamenduaren 21. artikulua) dute eta karguan dauden bitartean egiten dituzten idatzizko eta ahozko adierazpenegatik erantzule ez izatea dakar horrek. Beste kasu batzuetan erantzukizunak ekarriko lituzketen ekintzek (irainengatik, kalumniengatik, ohorearen aurkako erasoengatik, etab.), kasu hauetan, ez dakarte. Horrekin, adierazten dituztenek izan ditzaketen ondorioen beldurragatik parlamentariak ez inhibitzea da helburua, Parlamentuak bere funtzioak garatu ahal izateko hitz egiteko erabateko askatasuna beharrezko duela aintzat hartuta; batez ere, kritikatzeko eta kontrolatzeko funtzioa betetzeko, hain zuzen. Erantzule-ez izate hori erabatekoa (diskurtso eta adierazpen guztiak hartzen ditu) eta betierekoa da (aulkia utzi eta gero ere jarraitzen du). Hala ere, Parlamentuko saioetako esku-hartzeetara mugatua dago eta ez dira hor sartzen senatariek parlamentuetatik kanpoko ekitaldietan egindako esku-hartzeak, modu hertsian.


Horrez gain, senatarien ukiezintasunak ez dio Senatuko presidenteari diziplina-ahalmenak baliatzea eragozten. Hortaz, hitz iraingarriak esaten dituen eta eztabaidak eteten dituen senatariari ordena eskatu edo aretoa uzteko eskatu ahal izango dio.


Bigarrenik, senatariek inmunitatea (Konstituzioaren 71.2 artikulua eta Senatuaren Erregelamenduaren 22. artikulua) dute. Pribilegio horrek esan nahi du ezin direla ez akusatu, ez prozesatu aurretik Ganberari erregu-gutun bidez baimenik eskatu gabe. Betebehar horren helburua Ganberak senatariaren aurkako akusazioaren atzean ea jazarpen politikoa dagoen egiaztatzea da. Senatuaren esku-hartzea ez da, beraz, funtsezko auzia –ustez delitua egin izana– epaitzeko, baizik ez dela justizia-administraziotik kanpoko arrazoi bidegabeen ondorioz sortu. Horretarako, prozedura bat erabiltzen da eta akusatuak ere parte hartzen du. Bozketa sekretuaren bidez hartutako erabakiarekin amaitzen da prozedura hori. Pribilegio hori ez da aplikatzen delitu nabarmenen kasuan, delituaren izaerak berak akusazioaren jatorriari buruzko zalantza guztiak uxatzen baititu.


Senatariek, aipatutakoez gain, foru berezi bat dute; izan ere, Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak bakarrik epai baititzake.


Senatariek hauteskunde-legerian ezarritako bateraezintasunak errespetatu behar dituzte. Horretarako, karguaz jabetzean, adierazpen bat egin behar dute haien datuekin eta ondoren Bateraezintasunen Batzordeak jakin eta jakinarazten du. Bateraezintasunen bat antzemanez gero, senatariak aulkiaren eta bateraezintasuna dakarren baldintzaren edo postuaren artean aukeratu beharko du. Era berean, senatariek legegintzaldian haien egoeran izan litzaketen aldaketak jakinarazteko betebeharra dute. Era berean, diru-sarrerak ekartzen dizkieten edo ekar diezazkieketen bestelako jarduerak ere aitortu egin behar dituzte; baita dituzten ondasunak ere. Aitorpen horiek izaera publikoko interesen Erregistro batean inskribatzen dira.

 

Funtzioak

Funtzioen kapituluan, aipagarria da senatariek Ganberaren jardueretan duten partaidetza garrantzitsua. Izapidetzen diren proiektuei eta lege-proposamenei zuzenketak eta beto-proposamenak aurkezteko aukera dute. Gauza bera gertatzen da Estatuko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuaren kasuan ere, Konstituzioak kreditu-igoera edo diru-sarreren jaitsiera dakarten zuzenketei buruz ezarritako mugak betetzeari kalterik egin gabe. Beste 24 senatarirekin edo haien parlamentuko taldearen bidez lege-proposamenak ere egin ditzakete. Hori guztia, ekimen horiek guztiak onartzeko edo gaitzesteko botoaren bidez parte hartzeari kalterik egin gabe. Kontrolari dagokionez, senatariek idatziz eta ahoz erantzuteko galderak eta interpelazioak aurkez ditzakete. Hamar senatarik edo parlamentuko talde batek mozio bat aurkez dezakete Senatuak lege-testua ez den testu bati buruzko iritzia eman dezan.


Eztabaidetan esku hartzeko aukerak asko dira, senatari guztiek hitza eskatu eta eskuratu ondoren esku har dezakeela dioen printzipioa aplikatzen baita (Senatuaren Erregelamenduaren 84.1. artikulua) eta jarrera alda dezan edo gaiari atxikitzeko ohartarazteko bakarrik eten ahal izango du presidenteak (Senatuaren Erregelamenduaren 84.3 artikulua).


Senatuaren Erregelamenduak eztabaidetan esku hartzeko txandak eta eztabaidetako gorabeherak arautzeko arau asko ezartzen ditu. Presidenteari dagokio eztabaidetan ordenari eustea, eztabaidak zuzentzea eta, hala dagokionean, Parlamentuko diziplinari dagozkion neurriak, jarrera aldatzeko (Senatuaren Erregelamenduaren 101. artikulua) eta gaiari atxikitzeko (Senatuaren Erregelamenduaren 103. artikulua) ohartaraztekoak.


Senatuaren erabakiak senatarien bozketa bidez hartzen dira. Botoak pertsonalak eta besteren esku utziezinak dira. Erabakiak hartzeko, Ganberak legez bilduta egon behar du eta kide gehienek bertan izan behar dute (Konstituzioaren 79. artikulua eta Senatuaren Erregelamenduaren 92. artikulua).


Bozketak egiteko moduak ondorengo hauek dira:

Berdinketak hausteko arauak Senatuaren Erregelamenduaren 100. artikuluan daude jasota.